Irakurle eskola feminista

GORPUTZAK HITZ

Hurrengo saioa: martxoak 26

Kaixo,

Hurrengo saioan gai hau landuko dugu, irakurgai hauek kontuan hartuta:

Memoria historikoa eta begirada feminista

Raquel Osborne (arg.). (2012). Mujeres bajo sospecha. Memoria y sexualidad 1930-1980, Madril: Editorial Fundamentos.

Liburu honetako atal hauek:

Matilde Albarracín, “Identidad(es) lésbica(s) en el primer franquismo” (4. atala).

Raquel Osborne, “Los catigos a las mujeres. De la ecuación roja-degenerada al castigo maternal: el caso de Carlota O’Neil” (6. atala).

Raquel (Lucas) Platero, “Baso erdi bat dela eta. Maskulinitateari eta trabestismoari buruzko historiak”.

Eztabaidarako galdera zenbait:

– Memoria historikoa eraikitzeko, zer estrategia erabiltzen dira?

– Memoria historikoa eraikitzeko, zer dokumentu- eta lekukotza-mota erabiltzen dira?

– Memoria historikoa begirada feministatik eraikitzen da artikulu hauetan: nola gauzatu da hori?

Irakurraldi on!

Hurrengo saioa: urtarrilak 29

Aupa!

Urtarrilaren 29an elkartuko gara berriro ere. Hurrengo saio horretan, Charo Roqueroren Historia de la prostitución en Euskal Herria (Txalaparta, 2013) liburua komentatuko dugu.

IEztabaidarako galdera zenbait: hona hemen solasaldia bideratzeko kontuan hartuko ditugun galdera zenbait:

– Nola definitzen da “prostituzioa” liburu honetan?

– Memoria kolektiboari zer ekarpen egiten dio?

– Imajinario kolektiboan eraldaketarik proposatzen al da?

– Zer egin zaizu deigarri ibilbide historiko honetan?

On egin!

Hurrengo saioa: abenduak 18

Aupa!

Abenduaren 18an elkartuko gara berriro ere. Hurrengo saio horretan, Amaia Pérez Orozcoren, Subversión feminista de la economía (Traficantes de Sueños, 2014) liburuaren inguruan arituko gara. Liburu horren bi atal irakurriko ditugu: sarrera, Introducción (21-55 or.) eta 1. atala, 1. Desde la sostenibilidad de la vida: crisis que (no) son (59-94 or.).

Eztabaidarako galdera zenbait: hona hemen solasaldia bideratzeko kontuan hartuko ditugun galdera zenbait:

– Nola definitzen du ekonomia feminista? Zer egin zaizu deigarri? Zer egin zaizu berri?

– Nola berdefinitzen du krisiaren ikuspegia? Zer egin zaizu deigarri? Zer egin zaizu berri?

– Zure esperientziari eta ingurukoen esperientziari erreparatu, ekonomia feministarantz urratsak egiteko, zer jarrera-aldaketa dira premiazko(en)?

Irakurraldi on!

Hurrengo saioa: azaroaren 27an

Egun on!

Atzo aurkezpen-saioa egin ondoren, jada martxa hartuta, eta ikasturtean zehar landuko ditugun gaiak eta irakurgaiak gutxi gorabehera erabakita… gogotsu!

Azaroaren 27an elkartuko gara berriro ere. Hurrengo saio horretan, Naomi Wolf (1990), The Beauty Myth [El mito de la belleza, 1991, Emecé, Bartzelona] liburuaren inguruan arituko gara. Liburu horren sarrera eta ondorioak irakurriko ditugu -jakina, nahi duenak beste atalak ere irakur ditzake-. Eta baita, hautaturiko pasarte zenbait ere.

Eztabaidarako galdera zenbait: hona hemen solasaldia bideratzeko kontuan hartuko ditugun galdera zenbait:

– Nola definitzen du Naomi Wolfek edertasunaren mitoa?

– 90eko hamarkadako testua dugu, estatubatuar baten ikuspegitik idatzia: gaurkotasunik al dute testuko gogoetek?

– Gaur, hemen, edertasunaren mito hori indarrean dagoela iruditzen al zaizu? Adibiderik gogoan?

Irakurraldi on!

Irakurle Eskola Feminista 2014-2015: bihar aurkezpen-saioa

Kaixo,

Aurten ere Irakurle Eskola Feminista abian jarri dugu Donostiako Emakumeen Etxean. Bihar izango da lehen saioa, aurkezpen-saioa. Eta biharko saioa hiru ardatzetan antolatuko dugu:

– Lehenik, aurkezpenak egingo ditugu: kideok geure burua aurkeztuko dugu, eta Irakurle Eskola Feministak azken bi urteotan egin duen bidea ere aurkeztuko dugu, etorri berriek ere ibilbidea ezagutzeko, gutxi gorabehera.

– Bigarrenik, ikasturte honetan zer gai landu nahi ditugun erabakiko dugu kideon artean (jakina, neuk proposamen zenbait eramango ditut), eta horiei loturiko irakurgaiak ere aukeratuko ditugu.

– Hirugarrenik, azaroan irakurriko dugun testua gogoan izanda, testutxo batzuk komentatuko ditugu, azaroan tira egiteko gure lehen hausnarketa horiek gogoan izanda.

Irakurle taldearen helburuak:

Irakurle talde honetan pentsamendu feministan arakatzea izango dugu helburu, eta pentsamendu feministak sorturiko galderak, kezkak, giltzarriak eta diskurtsoak izango ditugu eztabaidagai. Horretarako, hainbat irakurgai (testu solteak, artikuluak edota liburuak) landu, eta horien inguruko gogoeta egingo dugu, betiere diskurtso feministek zabaldu dituzten bidezidorretan ibiltzeko asmoz, nork bere esperientziatik, nork bere gorputzetik.

Egutegia eta ordutegia:

  • Urriak 9, osteguna, 19:00-21:00
  • Azaroak 27, osteguna, 19:00-21:00
  • Abenduak 18, osteguna, 19:00-21:00
  • Urtarrilak 29, osteguna, 19:00-21:00
  • Otsailak 26, osteguna, 19:00-21:00
  • Martxoak 26, osteguna, 19:00-21:00
  • Apirilak 23, osteguna, 19:00-21:00
  • Maiatzak 21, osteguna, 19:00-21:00
  • Ekainak 18, asteazkena, 19:00-21:00

Bihar arte!

 

Gela bat, hamaika hausnarketa

Urtarrilaren 16an bildu ginen Irakurle eskola feministako kideok, Gela bat norberarena liburuaren bueltan aritzeko. Eta hara! saio horretarako Emakumeen Etxeko lagunek beste gela bat egokitu ziguten (hura kasualitatea!), ohikoa baino handiagoa, ohikoa baino malguagoa. Eta gainera, beste opari bat ere jaso genuen saioaren amaieran, Ventaneras taldeko kideek tortila-puska zenbait ekarri zizkigutelako, soberan zutena gurekin konpartitzeko asmoz. Remedios Zafrak hitzaurrean esan bezala, “geure gela konektatuan” jardun genuen solasean.

Opariz beteriko eguna izan zen: goizean goiz albiste on bat jaso genuen. Oihana Etxebarriak (eskolako kideak) eta Eider Olazarrek “Emakume Adituen Biltoki Digitala” proiektua garatzeko Berria Fundazioaren beka jaso zutela jakin genuen. Eta gainera, gonbidatu berezi bat ere izan genuen, Maria Colera Intxausti, Woolfen saiakeraren itzultzailea. Eskerrik asko, Maria, gurekin zure inpresioak eta zure esperientzia konpartitzeagatik!

Bi testu hauek komentatu genituen: Virginia Woolfen Gela bat norberarena, eta Itziar Zigaren “Norberaren zuloa”. Lehenak, 1929. urtean egin zuen hitzaldi sonatu hori, Ingalaterran; eta bigarrenak, hitzaldi hura gogoan sortu zuen testua 80 urte beranduago, 2009. urtean, Euskal Herrian. Horregatik interesgarria iruditu zitzaigun bi testu hauek konparatzea.

Honako galdera hauei egin genien tira, bi testu horiez hitz egiterakoan, besteak beste:

TESTUEN INGURUKO IRITZIA:

  • Garaikidea al zaizu Virginia Woolfen ikuspegia? zer irakurketek/interpretaziok dute gaurkotasuna? eta zeintzuk ez dute gaurkotasunik? Woolfek irudikatzen duen gizarte-egoera (XX. mende hasiera, Ingalaterran) gaurkoarekin/bertakoarekin alderatuz gero, zer alde daude? zer antzekotasun daude?

Taldekide guztiok adierazi genuen harrigarri egin zitzaigula nolako gaurkotasuna duen testuak: 1929. urteko gogoetak izanda ere, gaurko hainbat joera azaltzeko baliagarria da oso. Virginia Woolfek berak testuan honela dio: “Gainera, ehun urte barru, pentsatu nuen atarira iritsita, emakumeak ez dira gehiago sexu babestua izango. Logikoki, iraganean galaraziak izan zituzten jarduera eta jardun guztietan parte hartuko dute” (58. or). Baina, laurogei urte luze igaro ondoren, ez da halako aldaketarik antzematen, edo behintzat, Virginia Woolfek uste zuenaren kontrara, emakumeek espazio publikoak bereganatzeak, ez du ekarri haien espazio pertsonal eta propioak garatzeko denbora eta aukera gehiago izatea, ezta gutxiago ere.

Artista izateko  dirua eta gela bat izatea premiazkoa dela uste du Woolfek. Saiakera honetan baieztapen horretara nola heldu zen azaldu zuen. Bi osagai horiek artistaren burujabetzarako osagai beharrezko dira: batetik, diruak burujabetza ekonomikoa eskaintzen dio artistari; eta bestetik, gela bat norberarena izateak burujabetza pertsonala eskaintzen dio (espazio bat, denbora bat, nortasuna eraikitzeko kronotopo bat; alegia, nortasuna “besteen” arabera eraikitzeari utzi, eta nork bere buruari begiratzeko espazioa izatea).

a) Dirua (burujabetza ekonomikoa): taldekide zenbaitek adierazi bezala, feminismoak garai batean emakumearen burujabetza ekonomikoan ikusi zuen askatasunerako urrats handi bat,  emakumeak enplegura lotzean zaintza-lanak eta ugaltze-lanak berrasmatuko zirela pentsatu zuten. Baina, ez da halakorik gertatu. Jakina, burujabetza ekonomikoak aukerak zabaltzen ditu, izan ere, kasu askotan emakumeek ezin izan dute familia egitura utzi aukera ekonomikorik ez zutelako, eta gogoko ez zuten egoera batean kateaturik ikusi dute beren burua. Gaur egun halako kasuak areagotu direla aipatu dugu: senar-emazte gero eta gutxiago banatzen dira, edo gero eta gehiago dira banaturik egonda ere espazio berean bizi behar direnak, ez dutelako aukerarik ekonomikoki banatu ahal izateko. Hortaz, burujabetza ekonomikoak etxeko espazioaren antolaketan aldaketa gutxiago ekarri baditu ere, argi dago ezinbestekoa dela aukera zenbait izateko. Woolfen garaian, gainera, funtsezkoa zen, ordura arte emakumeek ez zutelako ondarerik izateko aukerarik ere, senarraren esku baitzeuden familiako ondare guztiak. Egoera horretan, Woolfek berak adierazi zuen boto-eskubideak baino zoriontsuago egin zuela izebak herentzian utzitako dirua, hileroko ordainsari bat. Argi ikusi zuen diruak botere gehiago eskaintzen ziola boto-eskubideak baino.

Gainera, emakumeen pobrezia ere salatzen du saiakera honetan. “Batek ezin du ondo pentsatu, ondo maitatu eta ondo lo egin, ondo afaldu ez badu” (34. or). Eta zentzu horretan, argi adierazten du nolako eragina duen aberastasunak/pobreziak gure gogoan (40. or), eta hartara, zer-nolako eragina duen aberastasunak/pobreziak literaturan (42. or). Aberastasun hori ekonomikoa da, jakina, baina, baita hezkuntzari dagokiona ere: Woolfek salatu egiten baitu ez zuela unibertsitatean ikasterik izan, eta emakumeek ez zutela halako hezkuntzarik jasotzeko eskubiderik, eta liburutegietan sartzeko ere zailtasunak zituztela.

b) Gela bat norberarena (burujabetza pertsonala):

Idazteko, pentsatzeko, sortzeko… eta baita norberaren nortasuna garatzeko ere espazio bat izatea zer garrantzitsua den aipatu zuen Woolfek. Amatasuna edo bestelako zaintza-lanak direla-eta, beti besteen eskeak edo besteen premiak asetzeko prest egon behar izan dute emakumeak, eta hartara, zail izan dute etenik gabeko denbora/espazio bat topatzea. Horregatik, espazio propio horren aldarrikapena egiten du Woolfek.

Bestalde, tradizio literarioa berrirakurri behar dela dio: lehenik, emakume sortzaileen tradizioa berreskuratzeko (ikusezin bihurtu izan dena ikusgarri egiteko); bigarrenik, gizon-gaiak eta emakume-gaiak bereizi izan direla salatzeko (jakina, gizon-gaiak “garrantzitsuagotzat” hartuz); hirugarrenik, gizonen lanetan emakumeak hainbestetan zergatik irudikatu diren aztertzeko. Woolfek honela argudiatzen du emakumeak gutxiesteko joera: “sexu bientzat da bizitza (…) borroka latz, gogor eta etengabe bat. Erraldoi baten ausardi eta kemena eskatzen du. Ororen gainetik, ilusioz eginak garenez, beharbada, geure buruan konfiantza izatea eskatzen digu. Konfiantza hori gabe, sehaskako haurrak bezalakoak gara. Eta zein ote nolakotasun zehazgaitz baina, aldi berean, ezin preziatuago hori sortzeko biderik azkarrena? Bada, besteak norbera baino gutxiago direla pentsatzea” (52. or); “Gizonaren berezko neurria bikoizteko ahalmen magiko eta liluragarria duten ispiluak izan dira emakumeak menderik mende” (53. or); “emakumeak gutxiago ez balira handiago agertzeari utziko lioketelako berek” (53. or).

Euskal kulturan ere antzeko adibideak egun ohikoak direla aipatu zen: gehiagotan jarduten dute gizon sortzaileek emakumeez alderantziz baino (adibidez, Zuloak proiektua, edo Mariren inguruko ikuskizuna); gehiagotan sortzen dituzte gizonek emakume sortzaile taldeen inguruko diskurtsoak (Erasmus kontzeptua, esaterako), eta abar.

  • Itziar Zigak nola iraultzen du Woolfen ikuspegia?

Itziar Zigarentzat gela hori “zulo” bat da, geure gogoan dugun txoko bat, sormenerako gaitasun hori, geure burua berrasmatzekoa; Zigak ez du uste espazio fisiko bat izateak hainbesteko garrantzirik duenik, eta horregatik, egoera material kaskarretan idatzi duten hainbat egileren berri ematen du; Zigaren iritziz, egoera materialak baino garrantzi handiagoa du gogo-egoerak. Arrazoizkoa iruditu zaigu Zigaren gogoeta hori, eta Woolfen lanean ere halakorik iradokitzen dela ikusi dugu. Edozein modutan, azpimarratzekoa iruditu zaigu honako hau: Zigak berak formakuntza izan du (kazetaria da), eta Zigak aipaturiko emakume horiek ere formakuntza izan zuten. Alegia, edozein egoera materialetan idazteko gai ziren, baina, formakuntza bazuten, hori egiteko aukera eskaintzen ziena. Ez da ahaztu behar, Woolfen garaian formakuntza horretarako ateak estuak zirela.

Testua azkar samar aipatu dugu; eta horregatik, hurrengo saioan berriro hartzea adostu dugu.

NORBERAREN ESPERIENTZIARI BURUZKO IRITZIA:

  •   Izan al duzu inoiz gela propio bat? Amestu al duzu inoiz gela propiorik? Zertarako? Etxean, nola duzue espazioa banaturik? ba al da etxean gela propioa duen kiderik?

Taldekide gehienek aipatu dute noiz edo noiz izan dutela gela bat norberarena, eta gainera, gehientsuenek gela jakin bat lotu dute nortasunaren eraikuntzarekin, gogoeta aro batekin. Nolabait, nork bere espazioa, denbora, gogoa antolatzeko tartea hartu zuten garai batekin. Jakina, alde handia egon da taldekideen artean; batzuk alaba edo seme bakar direnez, ez dute gurasoen etxean gela konpartitzeko beharrik izan, eta txikitatik izan dute gela bat haientzat; seme-alaba ugariko familietan, aldiz, seme-alaben artean gelak nola konpartitu ere izan dugu hizpide; batzuetan zaharrenak hartzen zuen gela bat harentzat izateko “eskubidea”; beste batzuetan generoaren arabera banatu izan dira gelak… Gure esperientziei begiratuta, argi ikusi dugu familiako kideok edo pisukideok etxean eta geletan hartu ohi dugun espazioak geure nortasunaz asko esan ohi duela. Esanguratsua, bada, kasurik gehienetan  amak izan direla etxeetan espazio gutxien hartu izan dutenak (oraindik ere!); eta aitak izan ohi direla espazio gehien hartu izan dutenak. Eta taldekide batek ohartarazi bezala: espazio gehien hartu bai, baina, espazioaren antolakuntzaz gutxien arduratu izan direnak, aitak izan baitira sarrien “non dago hau?” galdera egin dutenak (betiere taldeko kideon esperientzien arabera), etxeko gauzak antolaturik nola dauden ez dakitelako.

Otsailaren 6an, Itziar Zigaren testua komentatzeko segituko dugu, eta honako testu hau ere irakurriko dugu:

Raquel/Lucas Platero, “Baso erdi bat dela-eta. Maskulinitateari eta trabestismoari buruzko historiak”, Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak, Edo!, 2013.

GALDERA hauetatik egingo dugu tira:

  • Frankismoaren errepresioari, zer ikuspegitatik heltzen zaio?
  • Memoria historikoa idazteko/berreraikitzeko, zer atzera begirako eskaintzen da?

Azkenik, gogoan izan martxora arteko irakurgaiak bakarrik zehaztu ditugula; beraz, pentsatu proposamenak! apiriletik aurrera, zer irakurri nahi duzue? edo zer gai landu nahi duzue?

Etxeko lanak, etxekoandreak eta globalizazioa: begirada feminista-antikapitalista

Irakurle eskola feministako kideok abenduaren 19an bildu ginen, eta saio hartan Silvia Federici-ren Revolución en punto cero. Trabajo doméstico, reproducción y luchas feministas liburuaren bigarren atalaz jardun genuen, galdera hauetatik tira eginez.

  • Globalizazioak zertan eraldatu du etxeko lanen mapa?

Liburuaren bigarren parte honetan, Silvia Federici-k argi azaltzen du pobrezia areago feminizatzeko nolako estrategiak erabili diren XX. mende amaieran eta XXI. mende hasieran. Federicik gogorarazi bezala, emakumeen kontrako biolentziaz jardutean, etxeko espazioan gertaturiko biolentzia fisikoak eta bortxaketak hartu ohi dira oinarritzat, ONUren ikuspegiari segituz. Baina, pilatze- eta metatze-kapitalistak sorrarazi dituen biolentzia egoerei ez zaie apenas erreparatu, eta hain zuzen ere, horiek dira globalizazioaz jardutean aztertzen dituenak, ikuspegi feminista-antikapitalista batetik. Globalizazioak eta merkatu librearen logikak hiru modu hauetara prekarizatu ditu emakumeen lanak eta bizi-baldintzak:

a) Multinazionalak, kate-lana eta lanesku merkea:

Federicik gogorarazi bezala, 70eko hamarkadatik aurrera, lan-gatazkak hedatzean, enpresa multinazional askok industria-guneak eraiki zituzten “garapen bidean” ziren lurraldeetan; izan ere, lurralde horietan merkataritza libreko eremuak zituzten. Eremu horietan ez zegoen enplegua arauturik, ez arautze-bidean; eta horrek, kate-lanerako lanesku merkea eskuratzea ekarri zuen (eta dakar), esportaziorako produktu merkeak ekoiztu ahal izateko. Egungo merkatu globalaren oinarrian dagoen jarduna. Ekimen horietan, lurralde horietako emakumeak kate-lan horietara amarru batekin lotu zituzten: “Las mujeres que trabajan en las zonas de libre comercio se beneficiarían supuestamente de su incorporación al mundo laboral, ganando así una nueva independencia y la formación necesaria para competir en el mercado laboral internacional” (111 or.). Amarru hutsa, kate-lan horiek hain intentsiboak eta hain prekarioak izanda, emakume horien aukerak ez baitziren ugaldu, urritu baizik. “En lo tocante a las mujeres que trabajan en esas zonas sus organizaciones han denunciado que esta modalidad de trabajo genera un tipo adicional de ‘subdesarrollo’ y supone incluso una forma oculta de esclavitud” (112 or.). Azken batean, emakumeei burujabetza ekonomikoaren diskurtsoa saldu zitzaien, lanesku merkea izateko asmo hutsez; esplotazio-kate batera kondenatuz. Gainera, lanesku merke hori ez da bakarrik lurralde horietarako sortu, baizik eta lanesku merke hori hedatu nahi izan da lurralde “garatuagoetara” ere: horrek bultzatu du migrazio-uholdea. “Este movimiento migratorio de proporciones bíblicas, que supone un aspecto estructural del nuevo orden económico y que es inherente a la globalización del mercado de trabajo, evidencia la manera en la que la crisis de la deuda y el “ajuste estructural” han creado un sistema de apartheid global. Es por elo que el “Tercer Mundo” se ha visto transformado en una inmensa empresa de mano de obra barata” (116 or.). Eta migrazio horietan, jakina, emakume asko dira haien lurraldeak eta etxeak utzi egiten dituztenak, etxeko lanetan jarduteko, etxetik urrun.

b) Migrazioak, etxeko lanak eta prekarietatea:

Ezaguna den moduan, emakumeak lan-mundura (eta oro har, espazio publikora) jauzi egitean etxeko lanen ardurak partekatzea ekarri behar zuen, edo modu kolektibo batean ardura hori hartzea behintzat. Baina, ez da hala izan kasu gehienetan, eta ardurak partekatu ez direnez, eta lan-munduak langileak gero eta lotuago (esplotatuago) dituenez -une oro produzitzeko prest eta gai behar baitute pertsonak-, kapitalismoak beste bide batzuk eraiki ditu etxeko lanak eta zaintzak kudeatzeko. Modu prekarioan beste lurralde batzuetako emakumeak kontratatzea lan horiek egiteko: “ha ‘liberado’ a miles de mujeres solo para que produzcan más trabajo exo-doméstico. El empleo de mujeres filipinas o mexicanas que, por una modesta suma, limpian las casas, crían a los niños, cocinan y cuidan a los mayores, permiten que las mujeres de clase media escapen de un trabajo que ya no quieren o no pueden hacer durante más tiempo, sin reducir simultáneamente su nivel de vida. (…) El empleo de trabajadoras domésticas hace, además, a las mujeres (más que al Estado) responsables del trabajo reproductivo y debilita la lucha contra la división del trabajo en el interior de las familias, ya que libra a las mujeres de la tarea de obligar a los hombres a compartir las tareas domésticas” (119 or.). Gainera, emakume horiek bere lurraldea, bere etxea eta bere familia urrun utzi behar dute (egitura kolektibo bat urratuz), eta beste komunitate baten zerbitzura jarri behar da lanean.

c) Iraupeneko nekazaritzatik merkatu-nekazaritzara:

“Garapen bidean” diren lurraldeetako gatazkak edo gerrak sarritan erabili izan dira lurren kudeaketa beste modu batera egiteko. “La guerra no es solo una consecuencia del cambio económico: también ha sido un modo de provocarlo. (…) la guerra obliga a la gente a abandonar sus tierras, separando de esta manera a los productores de los medios de producción, condición necesaria para la expansión del mercado de trabajo global” (132 or.). Horregatik, lurralde zenbaitetan egon diren kanpo esku-hartze horiek, helburu jakin bat besterik ez dute: lurrak pribatizatzea, eta merkatu kapitalistaren ikuspegitik ustiatzea (izan merkatu-nekazaritza sustatuz, izan industria-guneen eraikuntza bultzatuz). Eta lur horiek pribatizatu ahal izateko, jakina, lur horien jabe den komunitatea lur horietatik aldetu, eta deslekutzea beharrezko zaie. Komunitate askok, gainera, iraupeneko nekazaritza dute sostegun nagusi. Jakina, iraupeneko nekazaritza horretan jarduten dute emakume askok. Merkatu-nekazaritza indarrean jartzearekin batera, askotan nekazaritza gizonen esku uzten da, eta gainera, bizirauteko oinarrizko diren elikagai horiek merkatuaren salneurriaren araberako balioa hartzen dute (eta eskuragaitzago zaizkie komunitate horretako kide askori).

Bestalde, Gobernuz Kanpoko Erakunde askok gerra edo gatazka egoeretan elikagaiak banatzeko guneak eraiki ohi dituzte, GKE horiei egoki zaien lekuan; horrek bi ondorio larri dakartza lurralde horietako ekonomian; batetik, nekazal komunitateen deslekutzea dakar, iraupenerako nekazaritzari kalte eginez; eta bestetik, kanpoko elikagaien banatze horrek bertako produktuen salneurrietan eragin zuzena du, desorekak sortuz. Izan ere, komunitate horiei lagundu nahi izanez gero, bidea argia da: “no ayudas a la población dándole comida sino dándole las herramientas para que se alimente por sí misma” (136 or.).

  • Globalizazioaren ondorioei aurre egiteko, zer borroka feminista garatu dira? mugimendu antikolonialisten zer adibide aipatzen ditu?

Hargatik, lurralde horietan eta gatazka egoera horietan emakume-talde askorentzat borroka-lerro nagusi bat lurraren jabetza kolektibo horri eustea izan da: “Los movimientos de base feministas a lo largo del planeta exigen la devolución de tierras comunales, el rechazo al pago de la deuda externa y la abolición de los ajueste estructurales y la privatización de tierras” (125 or.). Lurraren jabetzari eutsiz, bizirauteko baliabideak bere eginez.

Federicik argi adierazten duen moduan, etxeko lanak eta zaintza-lanak modu komunitario eta kolektibo batean antolatzea da helburua, komunitateaz kanpoko norbaitek zerbitzu hori bete behar ez izateko, ez eta komunitateko kide batzuek ardura hori beregain osoki hartzeko. Eskolako kide batek aipatu bezala, zaintza-lanen ardura modu kolektiboan partekatzea errazago ikusi ohi dugu, baditugulako adibide praktiko dezente; eta zaintzarako espazio konpartituak irudikatzea neurri batean errazagoa zaigulako. Etxeko lanen ardura kolektibo hori nola gauzatu dugu zailago, horretarako tresna edo baliabide gehiago falta zaizkigu, besteak beste, etxearen eremua espazio pribatutzat irudikatu ohi delako, eta etxeko espazio hori koletibizatzea zailagoa delako.

Etxeko lanak, nork bere esperientziatik

Globalizazioren inguruko gai horiek aipatu ondoren, berriro ere geure esperientziak ekarri genituen gogora. Gurasoen etxeko esperientziak, kasurik gehienetan. Aitak etxeko lanetan parte hartzen zuen kasu gehienetan, jarduera batzuetan baino ez zela aritzen aipatu zuten kide batzuek, gogokoen zituenetan-edo. Eta gainera, etxeko lan horiek egin ondoren, nolabaiteko onespena jaso nahi izaten zuela aitak, eta eskatu ere egiten zuela sarri, halako galderen bitartez: “goxo al dago?”. Aitortza eskatu ohi dute aita gehienek – hala da behintzat eskolako kideon esperientzian-; eta horregatik, etxeko lan batzuetara lotu bai, baina, eskerronekoak izan daitezkeen horietara bakarrik. Publikoagoak diren etxeko lanetara lotu ohi dira, sukaldaritza, kasu. Azken batean, sukalde-lanean aritu ondoren, mahai baten bueltan elkartzen dira familia-kideak, eta zerbitzu kolektibo hori agerikoagoa da – ekintza kolektiboa dakarren kasuetan behintzat; alegia, oturuntza elkarrekin egiterakoan -. Eta ondoren, aitortza bereganatzeko galdera: “goxo al zegoen?”.

Silvia Federici-ren ekarpenarekin alderatzeko, beste bi testu ere irakurri genituen eskolan bertan:

Lehenik, Beatriz Gimenok etxeko lanen inguruan eginiko gogoeta bat irakurri eta komentatu genuen: “¿Es compatible ser feminista y tener asistenta al mismo tiempo?“.

Hainbat iritzitan eta azalpenetan Silvia Federicik aipaturiko bidetik doa, baina, egoera iraultzeko eginiko ekarpenetan bestelakoa da ikuspegia. Beatriz Gimenok honako hau proposatzen du: “Mi opinión sobre los cuidados, expresada muy sucintamente, está en la línea de des-familiarizarlos, des-generizarlos, profesionalizarlos y socializarlos; es decir, hacerlos objeto de las políticas públicas”. Silvia Federici ez da iritzi berekoa. Izan ere, Federicik uste du etxeko lanak eta zaintza-lanak ez direla Estatuaren esku utzi behar (eta hartara, politika publikoen esku), azken batean, aginte-politiko horiek eta politika publiko horiek sistema kapitalista sostengatzea dutelako helburu, eta hartara, haien esku etxeko lanak eta zaintza-lanak uztea, lan horiek prekarizazioa besterik ez du ekarriko, orain artean gertatu bezala. Horregatik, horiei aurre egiteko ekimen kolektibo eta parte-hartzaileak proposatzen ditu. Beatriz Gimenok, aldiz, lan horiek botere publikoek kudeatzea proposatzen du, eta adibide gisa honako hau jartzen du: ikasleek egin dezaketen lan bat da. Zentzu horretan, ez dirudi prekarizazioari aurre egitea proposatzen zaionik, baizik eta lan prekarizatu hori nork egin dago auzitan. Eskolako kide batek ohartarazi bezala, gaur egun asko dira zaintza-lan prekarizatu horiek egiten dituzten gizon etorkinak. Bestalde, eskolako kideek ohartarazi dugu etxeko lanez aritzean “garbiketa-lanak” besterik ez dituela aipatzen, eta ez du etxeko lanen eta zaintza-lanen ikuspegi berritzailerik eskaintzen.

Bigarrenik, literaturara hurbildu, eta Uxue Apaolazaren “Karrotxoa” narrazioa irakurri genuen. Narrazio honetan argi ikusten dugu etxekoandre baten zeregin konkretu batek -erosketa egiteak- nolako zama den, batez ere zeregin hori antolatzeko moduan komunitate horretan (familia horretan) dauden joerengatik. Azken batean, etxekoandreak badaki kontu eske izango dituela senar-alabak etxean. Erosketak egiterako orduan, etxeko guztiengan zaletasunak eta mainak izan behar ditu kontuan, haserretuko ez bazaizkio. Zama eta presioa ikaragarri ongi irudikatu dira narrazio honetan. Eskolako kideek aipatu bezala, egoera ohikotzat dute narraziokoa. Gainera, aipatu egin dugu sarritan beste norbaitek erosketa egiterakoan – aitak, esaterako- ez dituela gogoan etxeko guztien joerak, eta ohikoago dela hark unean-unean gogoko duen hori erostea. Alegia, ikuspegi kolektiborik gabeko erosketa egitea. Eta sarriago gertatu izan dela etxekoandreak gogoko duen hori ez erostea ere. Bere burua nolabait ahaztuz, “premia” kolektiboen zerbitzura-edo.

Etxeko lanak eta etxekoandreak: begirada feminista-antikapitalista

Irakurle eskola feministako kideok azaroaren 17an bildu ginen, eta saio hartan Silvia Federici-ren Revolución en punto cero. Trabajo doméstico, reproducción y luchas feministas liburuaren lehen atalaz jardun genuen, galdera hauetatik tira eginez.

ATALAren inguruko ideien laburpena:

  • Nola definitzen du Silvia Federicik etxeko lana? zer alderdi aipatzen dira horretarako? (balio soziala, lan-banaketa, funtzio soziala, balio ekonomikoa, ikuspegi kulturala…)

Etxeko lanaren esparruari begirada feminista-antikapitalista batetik heldu zaio liburu honetako artikuluetan (“definir la autonomía feminista no solo como autonomía respecto de los hombres sino también respecto del capital y del Estado”, 29 or.). Federicik etxeko lanak emakumeen esplotaziorako tresnatzat ditu, sistema kapitalista sostengatzeko funtsezko direla ohartaraziz. Neurri horretan, etxekoandreak (eta etxeko langileak, oro har) sistema kapitalista sostengatzen duten soldata-gabekoen artean kokatzen ditu , beste komunitate batzuekin batera: esklaboak, presoak, ikasleak…  Izan ere, sistema kapitalistak soldatadun vs. soldata-gabeko logika eraiki du; alegia, enplegua vs. lana logika. Enpleguaren logika horretatik kanpo geratzen dira, beraz, soldata-gabeko hainbat lan, kapitalismoak ikusezin bihurtu dituena; diru trukerik ez dagoenez, baloratu ere egiten ez direnak.

Federicik adierazten duenez, kapitalismoak etxeko lanak maitasun ekintzatzat definitu ditu, emakumeek horietara lotzeko, jarduera horien lan-kargari ez erreparatzeko (lan ere ez kontsideratzeko). Bide horretan, lan-indarra ekoizteko gunetzat du etxea (eta bereziki sukaldea zein logela); hain zuzen ere, lan-indarraren zaintza dagokie etxekoandreei (zaintza emozionala, fisikoa eta sexuala). Alegia, langileek lanaldi gogor eta zamatsuaren  ondoren, zama hori arintzeko zeregina dute etxekoandreek. Federicik ohartarazten du, familia nuklearraren eredua  instituzio kapitalista dela, eta bizimodu hori lan-katearen oreka sostengatu ahal izateko eraiki dela.

  • Silvia Federiciren arabera, nola landu etxeko lanen esparrua begirada feministatik? Zer proposamen egiten du?

20eko hamarkadan etxeko espazioa izan zuen feminismoak gogoetagai nagusi, etxeko lanak baloratzeko beharra aldarrikatuz, besteak beste. Baina, feminismoak 70eko hamarkadatik aurrera batez ere espazio publikoa bihurtu zuen gogoetagai nagusi. Ondorioz, 70eko hamarkadan etxeko lanez jardutean, Estatu Batuetan eta Europan mugimendu feministak batez ere soldataren aldeko kanpaina indartsuak antolatu zituen: etxeko lanak ikusgarri egiteko asmoz, eta lan ere badirela aldarrikatzeko asmoz. Hau da, etxeko lana espazio publiko bihurtzeko asmoz, nolabait.

Estrategia politiko horren bitartez, “etxekoandre” rolaren desmitifikatzea eta botere soziala hartzea zuten helburu; etxekoandreak ere subjektu iraultzaile bihurtuz (eta ez soilik haiekiko elkartasun hutsa agertuz). Etxekoandre izatea emakumeari dagokion rol naturala ez zela aldarrikatu nahi zuten, trebatu beharra zegoela gogoraraziz.

Etxekoandreen soldataren aldeko borroka soldataren kontrako borroka ere bazela adierazten du Silvia Federicik. Alegia, soldatak bideratzen duen harreman kapitalista horren kontrakoa: izan ere, soldatak tratu justuaren itxura hartu nahi du, baina, hitzarmen sozial horren desoreka ikusezin eginez. Baina, egia da soldatak langilea eta lan-karga identifikatzeko funtzioa ere baduela, langile posizio hori aitortu egiten duela. Zentzu horretan, etxekoandreentzat soldata eskatzerakoan “etxekoandre” horren rol soziala auzitan jartzen da, eta lan hori degenerizatzeko urratsak egiten dira.

Bestalde, ezker mugimenduak etxeko lanen inguruko gogoeta gutxi egin duela salatzen du Federicik, langile horiek baztertu dituela.

ATALAren inguruko gure iritzia:

Lehen atal honetan etxekoandreaz ematen den irudia ez genuen gehienok oso hurbilekoa sentitzen. Federicik neurri batean “guztiok gara etxekoandre” leloa bere egiten du, etxekoandrea feminismoaren eta antikapitalismoaren subjektu iraultzailetzat hartuz: “Debemos y queremos reconocer que todas somos amas de casa, todas somos prostitutas y todas somos gays, porque mientras aceptemos todas estas divisiones y pensemos que somos algo mejor, algo distinto a una ama de casa, estaremos aceptando la lógica del amo”(44 or.). Estrategia politikotzat du, beraz, identifikazio hori. Edonola ere, geure burua etxekoandretzat identifikatzeko eta hala adierazteko ezinegona aurkeztu genuen guztiok. Neurri batean ere etxekoandre irudi horrekiko mespretxua zen sentimendu nagusia; birpentsatu beharreko sentimendua akaso. Espazio publikoetan hartzen ditugun rol asko, ez al dira “etxekoandrea”-ren edo zaintzaren hedapenak? (lagunartean, lan-esparruan, euskalgintzan, kulturgintzan, herrigintzan…)

Gainera, 70eko hamarkadako testua dugu, eta egia da etxekoandrea definitzeko erabiltzen dituen adibide zenbait urrunak egin zaizkigula gure esperientzian –ez, ordea, gure guraso edo aiton-amonen esperientziatan- (harreman sexualen ingurukoa, esaterako –gizona gozaraztea helburu huts izatea-). Federicik berak ere liburuan aitortzen du etxeko lanen eta etxekoandrearen inguruko mespretxu hori sentitu izan duela, baina, ohartu dela feminismoak gai horri heldu behar diola, funtsezko dela.

Garai batean feminismoak uste zuen emakumeek lan-munduan (hobe esanda, enpleguan) bere lekua eginez gero, etxeko lanen egoera aldatuko zela; baina, ez da hala izan, Federicik ohartarazi bezala. Zentzu horretan, beharrezko ikusten du etxeko lanen eta zaintza-lanen berregituraketa bat, emakumeen esplotazio bikoitz horri aurre egiteko: “Como repetíamos una y otra vez, lo que necesitamos es más tiempo y más dinero, no más trabajo. Necesitamos guarderías, no para liberar parte de nuestro tiempo y así poder trabajar en otro sitio, sino para poder ir a dar un paseo, para charlar con nuestras amigas o para poder acudir a una reunión de mujeres” (95 or.). Gogoeta horrek badu gaurkotasunik, hala ikusi genuen.

Soldataren aldeko borroka ere gaur eguneko ikuspegitik ez zitzaigun oso estrategia egokia iruditzen, nahiz eta ikusgarritasuna lortzeko bide egokia izan daitekeen. Gaur egun, gainera, zaintza-lan horiek enplegu bihurtuG diren kasuetan (etxeko langileen kasuetan), oso era prekarioan egin ohi diren lanak dira, eta gehienetan emakumeen kargu daude. Azken batean, etxeko lana enpleguaren zakuan sartzea du helburu soldataren borroka horrek, baina ez al da egokiago soldata-gabeko zaintza-lan horiek baloratzeko beste bide batzuk bilatzea? Eta ordaindutako zaintza-lan horien baldintzak hobetzeko aldarria egitea?

(Ikus Gipuzkoako Hitza-n azaroaren 29an gaiaren inguruko gogoeta, “Etxekoandretzeaz” artikuluan).

Hurrengo saioan, abenduaren 19an, Silvia Federiciren Revolución en punto cero liburuaren azken bi atalen inguruan arituko gara. Atal horiek osorik irakurtzeko tarterik ez baduzue, honako artikulu hauek irakurtzea gomendatzen dizuet:

– BIGARREN ATALEAN: “9. La reproducción de la fuerza de trabajo en la economía global y la inacabada revolución feminista”

– HIRUGARREN ATALEAN: “13. El feminismo y las políticas de lo común en una era de acumulación primitiva”.

Honako bi galdera hauek izango ditugu gidari:

  • Globalizazioak zertan eraldatu du etxeko lanen mapa?
  • Globalizazioaren ondorioei aurre egiteko, zer borroka feminista garatu dira? mugimendu antikolonialisten zer adibide aipatzen ditu?

Ostegunean elkartuko gara!

Egun on,

Aste honetan Irakurle eskola feministako saioa dugu, azaroaren 14an, 19:00etan, Donostiako Emakumeen Etxean. Gogoan izan lehen saio honetan Silvia Federiciren Revolución en punto cero. Trabajo doméstico, revolución y luchas feministas (Traficante de Sueños, 2013) liburuaren lehen atala komentatuko dugula. Hemen duzue liburua osorik, erosteko aukera izan ez duenarentzat. 

Atala osorik irakurtzeko denborarik izan ez baduzue ere, hurbil zaitezte lasai saiora. Guztion artean atal horretan aipatzen diren ideia orokorrak laburtuko ditugu, eta ondoren, gure artean eztabaidatu. Horretarako, honako galdera hauek izango ditugu ardatz:

ATALAren inguruan:

– Nola definitzen da etxeko lana? zer alderdi aipatzen dira horretarako? (balio soziala, lan-banaketa, funtzio soziala, balio ekonomikoa, ikuspegi kulturala…)

– Nola landu etxeko lanen esparrua begirada feministatik? zer proposamen egiten du?

NORBERAREN ESPERIENTZIAren inguruan:

Etxeko lanen inguruan jarduteko, norberaren esperientziaz ere arituko gara. Horretarako, aldez aurretik ere gogoeta ezazue zertxobait horren inguruan:

– Familia giroan nola ulertu da etxeko lana? (aiton-amonak, gurasoak, lagunak…)
– Zer balio eman diozu etxeko lanetan dabilenari?
– Feminista gisa, nolako garrantzia eman diozu etxeko lanen auziari?

Ondo-ondo hasi astea!
Ostegunera arte!

Zatoz Irakurle eskola feministara! Eman izena!

Urriaren 24an, ostegunean, hasiera emango diogu aurtengo Irakurle eskola feministari. Zatoz!

Irakurle taldearen helburuak:
Irakurle talde honetan pentsamendu feministan arakatzea izango dugu helburu, eta pentsamendu feministak sorturiko galderak, kezkak, giltzarriak eta diskurtsoak izango ditugu eztabaidagai. Horretarako, hainbat irakurgai (testu solteak, artikuluak edota liburuak) landu, eta horien inguruko gogoeta egingo dugu, betiere diskurtso feministek zabaldu dituzten bidezidorretan ibiltzeko asmoz, nork bere esperientziatik, nork bere gorputzetik.
Lekua: Donostiako Emakumeen Etxea
Egutegia eta ordutegia:

 

  • Urriak 24, osteguna, 19:00-21:00 
  • Azaroak 14, osteguna, 19:00-21:00 
  • Abenduak 19, osteguna, 19:00-21:00 
  • Urtarrilak 16, osteguna, 19:00-21:00 
  • Otsailak 6, osteguna, 19:00-21:00 
  • Martxoak 20, osteguna, 19:00-21:00 
  • Apirilak 10, osteguna, 19:00-21:00 
  • Maiatzak 22, osteguna, 19:00-21:00 
  • Ekainak 19, osteguna, 19:00-21:00

Izena emateko: emakumeenetxea@gmail.com