Gela bat, hamaika hausnarketa

by txeretolaza

Urtarrilaren 16an bildu ginen Irakurle eskola feministako kideok, Gela bat norberarena liburuaren bueltan aritzeko. Eta hara! saio horretarako Emakumeen Etxeko lagunek beste gela bat egokitu ziguten (hura kasualitatea!), ohikoa baino handiagoa, ohikoa baino malguagoa. Eta gainera, beste opari bat ere jaso genuen saioaren amaieran, Ventaneras taldeko kideek tortila-puska zenbait ekarri zizkigutelako, soberan zutena gurekin konpartitzeko asmoz. Remedios Zafrak hitzaurrean esan bezala, “geure gela konektatuan” jardun genuen solasean.

Opariz beteriko eguna izan zen: goizean goiz albiste on bat jaso genuen. Oihana Etxebarriak (eskolako kideak) eta Eider Olazarrek “Emakume Adituen Biltoki Digitala” proiektua garatzeko Berria Fundazioaren beka jaso zutela jakin genuen. Eta gainera, gonbidatu berezi bat ere izan genuen, Maria Colera Intxausti, Woolfen saiakeraren itzultzailea. Eskerrik asko, Maria, gurekin zure inpresioak eta zure esperientzia konpartitzeagatik!

Bi testu hauek komentatu genituen: Virginia Woolfen Gela bat norberarena, eta Itziar Zigaren “Norberaren zuloa”. Lehenak, 1929. urtean egin zuen hitzaldi sonatu hori, Ingalaterran; eta bigarrenak, hitzaldi hura gogoan sortu zuen testua 80 urte beranduago, 2009. urtean, Euskal Herrian. Horregatik interesgarria iruditu zitzaigun bi testu hauek konparatzea.

Honako galdera hauei egin genien tira, bi testu horiez hitz egiterakoan, besteak beste:

TESTUEN INGURUKO IRITZIA:

  • Garaikidea al zaizu Virginia Woolfen ikuspegia? zer irakurketek/interpretaziok dute gaurkotasuna? eta zeintzuk ez dute gaurkotasunik? Woolfek irudikatzen duen gizarte-egoera (XX. mende hasiera, Ingalaterran) gaurkoarekin/bertakoarekin alderatuz gero, zer alde daude? zer antzekotasun daude?

Taldekide guztiok adierazi genuen harrigarri egin zitzaigula nolako gaurkotasuna duen testuak: 1929. urteko gogoetak izanda ere, gaurko hainbat joera azaltzeko baliagarria da oso. Virginia Woolfek berak testuan honela dio: “Gainera, ehun urte barru, pentsatu nuen atarira iritsita, emakumeak ez dira gehiago sexu babestua izango. Logikoki, iraganean galaraziak izan zituzten jarduera eta jardun guztietan parte hartuko dute” (58. or). Baina, laurogei urte luze igaro ondoren, ez da halako aldaketarik antzematen, edo behintzat, Virginia Woolfek uste zuenaren kontrara, emakumeek espazio publikoak bereganatzeak, ez du ekarri haien espazio pertsonal eta propioak garatzeko denbora eta aukera gehiago izatea, ezta gutxiago ere.

Artista izateko  dirua eta gela bat izatea premiazkoa dela uste du Woolfek. Saiakera honetan baieztapen horretara nola heldu zen azaldu zuen. Bi osagai horiek artistaren burujabetzarako osagai beharrezko dira: batetik, diruak burujabetza ekonomikoa eskaintzen dio artistari; eta bestetik, gela bat norberarena izateak burujabetza pertsonala eskaintzen dio (espazio bat, denbora bat, nortasuna eraikitzeko kronotopo bat; alegia, nortasuna “besteen” arabera eraikitzeari utzi, eta nork bere buruari begiratzeko espazioa izatea).

a) Dirua (burujabetza ekonomikoa): taldekide zenbaitek adierazi bezala, feminismoak garai batean emakumearen burujabetza ekonomikoan ikusi zuen askatasunerako urrats handi bat,  emakumeak enplegura lotzean zaintza-lanak eta ugaltze-lanak berrasmatuko zirela pentsatu zuten. Baina, ez da halakorik gertatu. Jakina, burujabetza ekonomikoak aukerak zabaltzen ditu, izan ere, kasu askotan emakumeek ezin izan dute familia egitura utzi aukera ekonomikorik ez zutelako, eta gogoko ez zuten egoera batean kateaturik ikusi dute beren burua. Gaur egun halako kasuak areagotu direla aipatu dugu: senar-emazte gero eta gutxiago banatzen dira, edo gero eta gehiago dira banaturik egonda ere espazio berean bizi behar direnak, ez dutelako aukerarik ekonomikoki banatu ahal izateko. Hortaz, burujabetza ekonomikoak etxeko espazioaren antolaketan aldaketa gutxiago ekarri baditu ere, argi dago ezinbestekoa dela aukera zenbait izateko. Woolfen garaian, gainera, funtsezkoa zen, ordura arte emakumeek ez zutelako ondarerik izateko aukerarik ere, senarraren esku baitzeuden familiako ondare guztiak. Egoera horretan, Woolfek berak adierazi zuen boto-eskubideak baino zoriontsuago egin zuela izebak herentzian utzitako dirua, hileroko ordainsari bat. Argi ikusi zuen diruak botere gehiago eskaintzen ziola boto-eskubideak baino.

Gainera, emakumeen pobrezia ere salatzen du saiakera honetan. “Batek ezin du ondo pentsatu, ondo maitatu eta ondo lo egin, ondo afaldu ez badu” (34. or). Eta zentzu horretan, argi adierazten du nolako eragina duen aberastasunak/pobreziak gure gogoan (40. or), eta hartara, zer-nolako eragina duen aberastasunak/pobreziak literaturan (42. or). Aberastasun hori ekonomikoa da, jakina, baina, baita hezkuntzari dagokiona ere: Woolfek salatu egiten baitu ez zuela unibertsitatean ikasterik izan, eta emakumeek ez zutela halako hezkuntzarik jasotzeko eskubiderik, eta liburutegietan sartzeko ere zailtasunak zituztela.

b) Gela bat norberarena (burujabetza pertsonala):

Idazteko, pentsatzeko, sortzeko… eta baita norberaren nortasuna garatzeko ere espazio bat izatea zer garrantzitsua den aipatu zuen Woolfek. Amatasuna edo bestelako zaintza-lanak direla-eta, beti besteen eskeak edo besteen premiak asetzeko prest egon behar izan dute emakumeak, eta hartara, zail izan dute etenik gabeko denbora/espazio bat topatzea. Horregatik, espazio propio horren aldarrikapena egiten du Woolfek.

Bestalde, tradizio literarioa berrirakurri behar dela dio: lehenik, emakume sortzaileen tradizioa berreskuratzeko (ikusezin bihurtu izan dena ikusgarri egiteko); bigarrenik, gizon-gaiak eta emakume-gaiak bereizi izan direla salatzeko (jakina, gizon-gaiak “garrantzitsuagotzat” hartuz); hirugarrenik, gizonen lanetan emakumeak hainbestetan zergatik irudikatu diren aztertzeko. Woolfek honela argudiatzen du emakumeak gutxiesteko joera: “sexu bientzat da bizitza (…) borroka latz, gogor eta etengabe bat. Erraldoi baten ausardi eta kemena eskatzen du. Ororen gainetik, ilusioz eginak garenez, beharbada, geure buruan konfiantza izatea eskatzen digu. Konfiantza hori gabe, sehaskako haurrak bezalakoak gara. Eta zein ote nolakotasun zehazgaitz baina, aldi berean, ezin preziatuago hori sortzeko biderik azkarrena? Bada, besteak norbera baino gutxiago direla pentsatzea” (52. or); “Gizonaren berezko neurria bikoizteko ahalmen magiko eta liluragarria duten ispiluak izan dira emakumeak menderik mende” (53. or); “emakumeak gutxiago ez balira handiago agertzeari utziko lioketelako berek” (53. or).

Euskal kulturan ere antzeko adibideak egun ohikoak direla aipatu zen: gehiagotan jarduten dute gizon sortzaileek emakumeez alderantziz baino (adibidez, Zuloak proiektua, edo Mariren inguruko ikuskizuna); gehiagotan sortzen dituzte gizonek emakume sortzaile taldeen inguruko diskurtsoak (Erasmus kontzeptua, esaterako), eta abar.

  • Itziar Zigak nola iraultzen du Woolfen ikuspegia?

Itziar Zigarentzat gela hori “zulo” bat da, geure gogoan dugun txoko bat, sormenerako gaitasun hori, geure burua berrasmatzekoa; Zigak ez du uste espazio fisiko bat izateak hainbesteko garrantzirik duenik, eta horregatik, egoera material kaskarretan idatzi duten hainbat egileren berri ematen du; Zigaren iritziz, egoera materialak baino garrantzi handiagoa du gogo-egoerak. Arrazoizkoa iruditu zaigu Zigaren gogoeta hori, eta Woolfen lanean ere halakorik iradokitzen dela ikusi dugu. Edozein modutan, azpimarratzekoa iruditu zaigu honako hau: Zigak berak formakuntza izan du (kazetaria da), eta Zigak aipaturiko emakume horiek ere formakuntza izan zuten. Alegia, edozein egoera materialetan idazteko gai ziren, baina, formakuntza bazuten, hori egiteko aukera eskaintzen ziena. Ez da ahaztu behar, Woolfen garaian formakuntza horretarako ateak estuak zirela.

Testua azkar samar aipatu dugu; eta horregatik, hurrengo saioan berriro hartzea adostu dugu.

NORBERAREN ESPERIENTZIARI BURUZKO IRITZIA:

  •   Izan al duzu inoiz gela propio bat? Amestu al duzu inoiz gela propiorik? Zertarako? Etxean, nola duzue espazioa banaturik? ba al da etxean gela propioa duen kiderik?

Taldekide gehienek aipatu dute noiz edo noiz izan dutela gela bat norberarena, eta gainera, gehientsuenek gela jakin bat lotu dute nortasunaren eraikuntzarekin, gogoeta aro batekin. Nolabait, nork bere espazioa, denbora, gogoa antolatzeko tartea hartu zuten garai batekin. Jakina, alde handia egon da taldekideen artean; batzuk alaba edo seme bakar direnez, ez dute gurasoen etxean gela konpartitzeko beharrik izan, eta txikitatik izan dute gela bat haientzat; seme-alaba ugariko familietan, aldiz, seme-alaben artean gelak nola konpartitu ere izan dugu hizpide; batzuetan zaharrenak hartzen zuen gela bat harentzat izateko “eskubidea”; beste batzuetan generoaren arabera banatu izan dira gelak… Gure esperientziei begiratuta, argi ikusi dugu familiako kideok edo pisukideok etxean eta geletan hartu ohi dugun espazioak geure nortasunaz asko esan ohi duela. Esanguratsua, bada, kasurik gehienetan  amak izan direla etxeetan espazio gutxien hartu izan dutenak (oraindik ere!); eta aitak izan ohi direla espazio gehien hartu izan dutenak. Eta taldekide batek ohartarazi bezala: espazio gehien hartu bai, baina, espazioaren antolakuntzaz gutxien arduratu izan direnak, aitak izan baitira sarrien “non dago hau?” galdera egin dutenak (betiere taldeko kideon esperientzien arabera), etxeko gauzak antolaturik nola dauden ez dakitelako.

Otsailaren 6an, Itziar Zigaren testua komentatzeko segituko dugu, eta honako testu hau ere irakurriko dugu:

Raquel/Lucas Platero, “Baso erdi bat dela-eta. Maskulinitateari eta trabestismoari buruzko historiak”, Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak, Edo!, 2013.

GALDERA hauetatik egingo dugu tira:

  • Frankismoaren errepresioari, zer ikuspegitatik heltzen zaio?
  • Memoria historikoa idazteko/berreraikitzeko, zer atzera begirako eskaintzen da?

Azkenik, gogoan izan martxora arteko irakurgaiak bakarrik zehaztu ditugula; beraz, pentsatu proposamenak! apiriletik aurrera, zer irakurri nahi duzue? edo zer gai landu nahi duzue?